EU | ES

Argitasuna, kolorea eta egurra

Kokapena

Eibar

Esku-hartze mota

Etxebitziza birgaitze integrala

Azalera

138 m2

Zer genuen ?

Esanahi berezia zuen etxe honek bere jabe berriarentzat, Amonaren etxea zen. Etxebizitza hau familiaren historiaren parte izan da hamarkadetan zehar. Gure bezeroa hemen hazi zen amona bisitatzen, eta orain, bikotekidearekin batera, etxeari bizitza berri bat ematea erabaki du, bere sustraiei uko egin gabe.


Metro karratu asko, bi fatxada, bi patio bi sarrera eta banatzaile gehiegi zituen, etxe handi eta konpartimentatua zen.  Gainera, etxe-irlako izkinan kokatzen denez, kurba egiten duenez, forma oker eta ertz asko zituen etxeak, eta paralelo gutxi.

Birgaitze integrala burutu dugu etxea belaunaldi berri batentzat egokitzeko.

Zer egin dugu?

Erabat eraberritu dugu etxea, egungo beharretara egokituz, diseinu moderno, eraginkor eta iraunkorrarekin. Proiektuan iragana eta oraina uztartzen dira: zaharberritutako altzariak berrerabili dira, elementu modernoekin uztartuta.

Aldaketa nabarmenena eguneko espazioaren konpartimentazioarekin hautsi eta sarrera-banatzaile-jangela ardatza sortzea izan da. Horixe da etxeko elementu bereizgarriena: sarrera goxoa, funtzionala eta argiz betea, alde batean jangela eta egongela, eta bestean sukaldea dituelarik.


Etxearen erdigunean espazioak antolatzeko gaztaina trinkoz egindako altzaria diseinatu dugu neurrira. Altzari banatzaile horrek etxeko eremuak konektatzeaz gain, hainbat funtzio betetzen ditu: espazioen banatzailea da, oinetakoen armairua eta sarrerako altzaria, bulegoko biltegia ere bada eta, garrantzitsuena, argi naturala bulegoraino joatea ahalbidetzen du. Modu horretara sarrerarekin bateratu da bulegoa ere, telelanerako prestatutako gela. Honela, argitasun eta zabaltasun gehiago eman zaio espazio horri.

Altzari banatzailearekin batera, sarrera eta jangela bereizten dituzten apalak eta sukaldeko beirazko atea ere diseinatu dira. Gaztaina, altzairu beltza eta beirarekin etxeko gela ezberdinetako altzarien diseinua bateratuz.

Banaketa berri honetan etxeak zituen koska, kiebro eta ertzak ezabatzea izan da helburuetako bat, linea zuzenekin barne banaketa antolatu eta espazio orekatu eta lasaiagoak sortzea. Etxearen sarreretako bat itxi eta berokien armairua sortu dugu bertan, eta aldaketa honekin egongelari pribazitatea eman diogu etxeko sarrerarekiko.

Etxearen hormigoi armatuzko egitura bistaratu eta zuriz pintatu da, testura interesgarria erakusten duelarik. Etxean zeuden egur trinko landuzko altzari eder batzuk zaharberrutu eta diseinuan integratu dira, nortasun handiko elementu baliotsuei protagonismoa emanez.

Sukaldeari garrantzia berezia eman zaio, bere azalera handitu eta lanerako espazioa gehituaz. Penintsula bat eta biltegiratzeko armairu altuak ezarri dira, eta mahaia kanpoaldera begira kokatu da, goizeko eguzkia aprobetxatzeko.

Garbiketa lanetarako eremu bereizi bat sortu dugu. Garbigailuaren zarata sukaldetik atera eta arropa eskegitzeko patiora leihodun garbitegia sortu dugu.

Pasilloetako bat eraitsi eta logelari emanez logela nagusi handi bat sortu dugu, deskantsurako aproposak diren tonu argitsu eta lasaiekin. Bainugeletan berriz kolore tokea ezartzera ausartu gara, detaile beltzekin konbinatutako azuleju horixkak erabiliz. Beste bi logelak elkarren artean konektatu ditugu, umeentzat  deskantsurako eta jolaserako banaketa erabilgarria sortuaz.  

Etxean bi horma paralelo ez daudenez, zoruko akabera proposatzean espiga erara kokatzea erabaki dugu, okerdurak disimulatu eta sentsazio lasaiagoa lortzeko. Zoruko oholtzaren egur trinkozko azken kapak goxotasun handia eman dio etxeari, eta gainera, urte luzetarako iraupena bermatzen digu, estetika hutsetik haratago, material natural eta iraunkorren erabilera bultzatzen dugu eta.

Eraginkortasun energetikoa hobetu eta berokuntza eskaria jaisteko etxearen fatxadak trasdosatu ditugu egur zuntzezko isolamenduarekin. Egur zuntzak isolatzeko gaitasun ezin hobea izateaz gain inertzia ere badauka, beraz, tenperatura aldaketak murriztu eta atzeratu egiten ditu, hori dela eta, bereziki egokia da udan etxeko tenperaturaren igoera ekiditeko ere.  Isolamenduarekin eta berokuntza sistema efizientearekin etxeko konforta hobetu dugu.

Beti egin ohi dugun moduan, deskantsurako eremuetan elektrizitate instalazioak sortzen dituzten eremu elektromagnetikoen eragina murrizteko neurriak hartu ditugu. Obra prozesuan hainbat irizpide jarraituta etxekoen atsedenean kalte-eraginak egitea eragotziz.

This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.