Obra berriko etxebizitza honetan eguneko espazioaren antolamendua ez zen oso egokia. Forma arrarodun eremu handia genuen eta instalazioek kokapen desegokia zuten. Obrako barne banaketa proposamenak bizkarra ematen zien etxeak dituen bista ederrei.
Egongela, jangela eta sukalde erabilerak berrantolatu ditugu, horretarako beharrezko instalazioak egokituz.
Sukaldea eta egongela bateratuta edukitzea nahi bazen ere, sukaldeko lan eremua ezkutatu egin dugu. Elkarren arteko bereizketa lortzeko barra bat sortu dugu, lan espazioa eta biltegiratzea handituz eta kolore toke bat emanez etxeari.
Jantokia eta egongela kanpora begira ezarri ditugu, mendira begira, bistei protagonismoa emanez, telebistari beharrean. Egongelaren forma hirukiarra ezkutatzen duen banaketa planteatu dugu, ertza ezabatuz neurrira egindako altzariekin. Ertzak leunduta eremua atseginago bilakatu da.
Azkenik, etxeko sarrerarekiko pribazitatea lortzeko eta bezeroen liburutegi zabalari lekua emateko banaketa elementua proposatu dugu. Altzari batzuk neurrira diseinatu ditugu, eta besteak jabeak berak birziklatu eta berritu ditu, kolore bizi eta pertsonalekin etxeari izaera berezia emanez.